"GETXO bizia"
Belaunaldiz belaunaldi zaildua,
hemen dirau herriak bizirik.
Zer ote da, bizi-nahia ez bada;
inork ez dauka hori ukatzerik.
Burujabetasun iturriari
bizi-nahia dario gogotik;
inon egarriturik baldin bada
edan dezala txorrotadatik.
Getxo bizia eraiki nahi dugu
ezkertiar-abertzale artean;
gehiengoak nahi duena, horixe,
egingo da hemen, gure herrian.
|
| Legeria
 |
|
|
|
|
|
|
|
|
Deialdi gehiago[+] |
|
|
|
|
|
|
2007/04/26
GETXOKO ABERTZALE SOZIALISTAK GETXO ANTZOKIAN
Udalerrian erroldatuta dauden 1.767 pertsonen sinadurak jaso ondoren Getxoko Abertzale Sozialistak hautesle elkarteak zerrenda aurkeztu eta aurkezpen publikoa egin du Getxo Antzokian ospaturiko ekitaldi politikoan.
Ekitaldi koloretsu eta dinamikoa Itxaso Paia, Arrate Illaro eta Jone Uria bertsolari gazteek aurkeztu dute. Hizlarien parte hartzea bideo proiekzio eta txalaparta eta trikitixa doinuekin ere tartekatu da.
Getxoko presoen argazkiak eskuan izan dituzten senide eta lagunak ondoan izan dituela, Goio Acerok herriaren borrokaren garrantziaz hitz egin du, besteak beste Lemoizko zentral nuklearra geraraztea bezalako izugarrizko lorpena aipatuz.
Christian Reinickek azken lau urteko apartheid politikoa izan du mintzagai eta ordezkaritza postuaren lapurreta baliatuz gehiengoa izan duen Udal Gobernuaren eskumako politiken adibideak aipatu ditu.
Lau urte ilunen balantzearen laburpena albistearen sarreraren pdf atxikituan dago.
Ezker Abertzaleko hainbat kide oholtza gainean, tartean Getxoko Abertzale Sozialistak hautes-zerrendako hainbat kide, Iratxe de Diegok Herri Programa aurkeztu du.
Herri programaren proposamen nagusiak albistearen sarreraren pdf atxikituan dago.
Azkenik eta jende taldea ondoan izan duela, Marije Fullaondok egoera politikoari buruzko hausnarketa egin du, Marko Demokratikorako Proposamena eta Ezker Abertzaleak azken hilabeteotan eman dituen beste aurrerapausuak nabarmenduz.
Goio Aceroren interbentzioa
Lemoizko zentrala gelditzea ezinezkoa ematen zuen, baina Dabid txikiak Goliat erraldoi politiko eta ekonomiko guztiz ahalduna garaitu zuen. Eta zein izan zen Euskal Herriaren arma? Borroka, mota askotako borroka eredugarria, milaka eta milaka herritarren borroka eredugarria. Ondorioa? Munstroaren erorketa.
OTANen erreferenduma irabaztea ezinenezkoa ematen zuen eta borroka ideologiko eta mobilizazioari esker irabazi genuen.
Orain dela 20 urte ezinezkoa zen gure batzar bat euskara hutsez egitea. Orain gure batzar eta mitinetan euskara da nagusi. Zer nolako borroka errealitate honen atzean!
Egunero esku artean dugu GARA eta BERRIA, eta GARA eta BERRIA gure eskuetan egotea borroka eta garaipen handi baten testigantza isila da.
Euskal Herriaren historian, mendetan zehar, porrotekin eta garaipenekin, sufrimenduz eta pozez, borroka izan da Euskal Herriaren biziraupenaren bermea. Amaiurtik Gernikara, Gernikatik trantsiziora, trantsiziotik honaino.
Zenbat aldiz pentsatu dute Euskal Herria hilzorian zegoela, ezker abertzalea isolatuta zegoela ..., baina urteak joan urteak etorri Dabid txikiak zutik jarraitzen du.
Borroka giltzarria izan, izaten ari eta izango da. Nahiz eta batzuetan oso gogorra den, nahiz eta batzuetan sufrimendua berarekin ekarri, BORROKA ERRENTAGARRIA DA.
Urte askotako borrokari esker eszenatoki berri bat ireki da. Askatasunaren trenak bere ibilbidea jarraitzen du, egunero nazioa eta sozialismoa eraikitzen. Hurrengo geltokia bake prozesua, gatazkaren konponbidea, Euskal Herriarentzako demokrazia. "Estación termini" INDEPENDENTZIA eta SOZIALISMOA. Tren honen energia, motorra BORROKA da.
Abagune honetan bereziki, guztion lana behar beharrezkoa da. Tren honen hurrengo geltokia hauteskundeak dira eta tren honek martxan jarraitzen badu borrokalariei esker da. Gure preso, iheslari, errefuxiatu eta borrokan erori direnek erakusten digute bidea. Haientzat gure txalorik sentituena. Haiekin batera ASKATASUNA LORTU ARTE!
Marije Fullaondoren interbentzioaren euskarazko pasarteak
Lehenik eta behin, zorionak! Zorionak eta esker mila azken hilabeteotan, ero moduan, zerrendak osatzen ibili zaretenoi eta zuen prestutasuna agertu duzuen guztioi. Zorionak 10 egun eskasetan 83.000 sinaduratik gora biltzea posible egin duzuen guztioi. Eta zorionak, bereziki, 1.800 sinadura bilduz, Getxoko Abertzale Sozialistak herri kandidatura aurrera atera dadin zuen alde jarri duzuen guztiarengatik. Zorionak eta eskerrik asko.
83.000 sinaduratik gora Hego Euskal Herrian, 1.800 sinadura, Getxon. Izugarrizko urratsa. Zeren aldeko urratsa? Gatazka politiko-armatua konponbidean jarriko duen prozesuaren eta hauteskunde demokratikoen aldeko urrats sendoa eman du Herri honek bildutako sinadura horiekin guztiekin.
Eta lortutako sinadura horiek ematen diguten babesarekin aurrera egingo du Ezker Abertzaleak. Aurrera borroka fronte guztietan. Aurrera prozesuan eta aurrera hauteskundeetan. Instituzioetan egoteko eskubidea daukagulako eta, bereziki, gure herriak hori nahi duelako.
Eta gure herriak hori nahi du, badakielako hauteskunde hauek ez direla ohikoak. Badaki hauteskunde hauek ez direla Udaletan, Batzar Nagusietan eta Nafarroako parlamentuan gure proiektu politikoa ordezkatu eta defendatuko duten ahalik eta ordezkari gehien lortzeko hauteskunde soilak. Gure herriak badaki hauteskunde hauek hori baino askoz ere gehiago dagoela jokoan. Badaki hauteskunde hauek gatazka politiko-armatua behin betiko konponduko duen prozesuari bultzada emateko aukera direla, gaur gaurkoz blokeatuta dagoen prozesuari BAI esateko aukera.
Egindako lan horri guztiari esker, inoiz baino argiago ikusten da, gaur, gatazkaren konponbideari begira askatu beharreko korapilo nagusia zein den: hemen badagoela herri bat, Euskal Herria izena duena, herri delako eskubideak, gauzatu beharreko eskubideak, dituela eta, ondorioz, bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzea dagokiola. Eta hori da gure herriak irekita duen aukera politikoa.
Aukera politiko horren erdi erdian, duela urtebete ETAren sueten iraunkorraren iragarpenarekin ireki zen prozesua dago. Urrats horretatik bertatik hasita, Ezker Abertzaleak etengabean jarraitu du aurrera pausuak ematen: elkarrizketa politikoetarako mahai gainean eskaintza zehatzak jarri, Marko Demokratikorako proposamena aurkeztu, eragile guztion aukera berdintasuna bermatzeko ASB erregistratu, hautesle elkarteak sortu, horiek babesteko sinadurak bildu ...
Ezker Abertzalea, beraz, ez dago geldi, arrisku guztiak asumituz, etengabe ari da gatazkaren konponbidea ahalbidetuko duten urrats eraikitzaileak ematen. Momentu honetan ziklo bat ixten ari gara berri bat irekitzeko, eta, testuinguru honetan, maiatzeko hauteskundeak mugarria izan daitezke etapa berri hori irekitzeari begira.
Baina Ezker Abertzaleari bai. Ezker Abertzaleak gatazka behin betirako konpondu nahi du, benetako bakea lortu nahi du. Eta, horretarako proposamena luzatu diogu Herri honi eta Espainiar Estatuari. Herri honetara konponbidea eta elkarbizitza demokratikoa ekar dezakeen tresna jarri dugu mahai gainean: Marko Demokratikoaren proposamena. Egun indarrean dagoen esparru politiko eta instituzionaletik abiatuta, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garairako marko politiko berri bat proposatzen duena. Lau herrialdeon etorkizuna erabakitzeko eskubidea bertoko herritarren esku egongo dela bermatzen duena. Proiektu politiko guztiak, gurea barne, gauzagarri egiten duena. Euskal lurraldeen arteko harremanak elkarrekiko errespetuan eta borondate demokratikoen batuketan oinarritzen dituena. Indarrean jartzeko, egungo bi erkidegoetako herritarron gehiengoaren onarpena beharrezkoa duena.
Beraz, Euskal Herriaren etorkizuna euskal herritarron esku uztea eskaintzen duen proposamena dago jokoan maiatzaren 27ko hauteskundeetan ere. Erabat demokratikoa eta egingarria den proposamen horri emango dio bozka Ezker Abertzaleari bere bozka ematen dionak. Gure etorkizuna guk geuk erabakitzeari emango diogu bozka Ezker Abertzalea bozkatzen dugunok, beraz, proposamen horren aldeko bozka eskatzen dugu. Guztiok izango gara irabazle.
Baina Ezker Abertzaleari bozka ematen dionak beste zerbaiti ere emango dio bozka. Asko eskaintzen du Ezker Abertzaleak hauteskunde hauetan. Aldaketa eskaintzen du. Herri alternatiba bat eskaintzen du; alternatiba soziala, ekonomikoa eta kulturala.
Prozesu eta hauteskunde demokratikoen garaia dugu. Eta gure aldetik, horiek lortzeko, gure esku dagoen guztia egiten ari gara eta egiten jarraituko dugu. Ezker Abertzalea hauteskundeetan egongo da, gogotsu eta indartsu. Zer egiteko? Prozesua parametro demokratikoetan sustraitzeko eta soluzioen etorkizuna bermatzeko. Nola egingo dugun hori? Euskal Herri berriari ateak irekiz, autodeterminazioa eta lurraldetasunari bide emanez eta gure herria ezkerretik eraikiz. Eta zergatik egingo dugun hori? Milaka sinadurek horrela eskatu digutelako.
Ezker Abertzalearen aldeko hautua egiteko garaia da. Hauteskundeetatik indarturik aterako gara eta, ez izan zalantzarik, Espainia eta Frantziako gobernuek ezin izango dute albo batera utzi errealitate hori.
Getxon, 2007ko apirilaren 26an.
|