euskara | castellano


"GETXO bizia"

Belaunaldiz belaunaldi zaildua,
hemen dirau herriak bizirik.
Zer ote da, bizi-nahia ez bada;
inork ez dauka hori ukatzerik.

Burujabetasun iturriari
bizi-nahia dario gogotik;
inon egarriturik baldin bada
edan dezala txorrotadatik.

Getxo bizia eraiki nahi dugu
ezkertiar-abertzale artean;
gehiengoak nahi duena, horixe,
egingo da hemen, gure herrian.

Legeria





2008/01/22
FREEBATASUNA




Deialdi gehiago[+]





2007/07/27
EAE-ANV 2007ko Uztailaren 27ko Udal Osoko Bilkuran

Gaurko Bilkura benetan interesgarria izan da. Ez hainbeste tratatu diren gaiengatik (horietako batzuk handiak izan arren), hauteskundeen ostean osatu den panorama argitzen hasia delako baizik.

Gai ezberdinak:
Ohi bezala, gaurko bilkuran aurrekontuko 1,2 milioi euroko mugimendua suposatzen duten dekretu ezberdinen berri eman da. Berriro ere agerian utzi da aurrekontuen tranpa: proiektu bat eztabaidatu, jendaurrean erakutsi, eta bozkatu egiten da, gero dekretu ezberdinen bidez guztiz desitxuratzeko, inolako informazio, eztabaida eta erabakimenik gabe.
Bestetik, Areetan zabalduko den Ludotekarako Udal Tasa ezartzea onartu da. PSE tasa honen aurka agertu da ("urtero 4.000 euro baino ez dira jasoko, Gobernu Taldeko edozein zinegotzik zein oposizioan gauden zinegotzietako batzuek hilero kobratzen duguna baino gutxiago alegia" esan du). Baina PPk bat egin du PNVren filosofiarekin ("ordaintzen ez dena ez da apreziatzen"), eta ezarri egin dute.
Halaber, Getxo Antzokiaren orubeari dagozkion zenbait aldaketa onartu dira HAPOn, buruan duten proiektua (http://www.getxo.net/euskera/noticias/ayuntamiento/getxo_udala004.asp?MNU_Id=245) burutu ahal izateko.
Hiri Plangintzarako Aholku Batzordearen Araudia ere onartu da, PP eta PSEren alegazioak barneratuta.

Mozioak:
Zalantzarik gabe hemen egon da bilkuraren interes puntua. PPk eta PSEk mozio bi aurkeztu dituzte batera, bata Villamonteko plaza desjabetzearen aurkakoa (bertan eskailera mekanikoa egin nahi baita), eta bestea HAPOren berrikusketa egiteko Informazio Batzorde Berezia eratzearen alde (Andramariko plana bertan behera geratzearen ondoren, orain batzorde horretan jorratuko lirateke bai Andramarikoa bai HAPOren berrikusketa osoa). PNVk elkartruke emendakin bana aurkeztu die mozio biei. Emendakinek ez zuten inondik inora aldatzen mozioen edukia, gehienbat sinbolikoak izan dira. Baina horrekin zera irudikatu nahi izan du PNVk: mozioak onartuak izango zirenez (PP-PSEk 14 boto, PNVk 10, EBk 1 eta EAE-ANVk batere ez), onartuko zirenak kontsentsuaren eta Gobernu Taldearen jarrera irekiaren emaitza zirela, ez haren porrotaren erakusle. PP eta PSEk onartu egin dituzte emendakinak, eta ondorioz mozioak onartu egin dira aho batez; eta Alkateak aurpegia salbatzearen itxura egin du horrela.
Zergatik onartu dute PPk eta PSEk joko hau, eta ez zuzenean jipoia eman Gobernu Taldeari? Kontuan hartu behar da bilkura osoan PNV eta PPren arteko lore trukaketa etengabea izan dela. Horrekin batera, Almansak (PSE) eta Arruek (PP) geroago adierazpen batzuk egin dituzte. Almansak argi esan du bere alderdiak aukera ematen badio, mozio zentsura sartuko dutela Alkatea aldatzeko, eta PPrekin batera gobernatzen hasteko. Arruek aldiz esan du hori ez litzatekeela serioa, duela gutxi izan dutela horretarako aukera; baina, benetan, oposiziotik ari direla jadanik gobernatzen. Nire interpretazioen arabera, PPk oposizio arduratsuaren papera bete nahi du oraingoz (Alkateari 100 eguneko konfiantza epea ere emanda), beti ere gai handietan eragina izateko aukera guztiak dituztela. Hortik aurrera zer egingo duten, geroak esango.
Bitartean, Alkatea txalupa itsasoaren erdian bezala, mareak daramala. Zapaterok legez, edozein mugimendu egin aurretik PPri begiratuko dio.

Gure interbentzioa
Gure interbentzioan hiru gai azpimarratu ditugu. Lehenik, Andramarirako planak bertan behera utzi izanaz, zera nabarmendu dugu: batetik, Andramarirako arriskua ez dela desagertu, 2001eko HAPOk aurreikusten baitzuen lurraren okupazioa. Beraz HAPO osoa da birplanteatu beharrekoa, ez pisuak edo txaletak eraiki behar ote diren. Bestetik, etxebizitzaren auziari aurre egiteko eraikuntza planteatzea okerra dela, eta beste alternatiba batzuk bilatu beharra dagoela (alokairu soziala, Udalaren politika aktiboa, e.a.). Azkenik, gai honek benetako herri eztabaida eta parte hartzea behar dituela, guztiei hitza emanez; besteak beste, herri kontsultak. Izan ere, auzi honetan Udalaren harropuzkeria geldiarazi duena herriaren parte hartze zuzena izan baita. Bejondeiela getxotarrei eta Andramariko auzokideei.
Azken honekin lotuta, HAPO berrikusteko onartu den Informazio Batzorde Berezian gu kanpoan utzi izana salatu dugu: hain zuzen ere kanpoan utzi dira Andramarin botoetan gora egin zuten alderdiak (EAE-ANV eta Berdeak), eta ordezkaritza izango dute soilik botoak galdu zituzten alderdiek. Beraz, Landak iragarritako elkarrizketa eta adostasunak bilatzea ahuntzaren eztula baino ez dira. Ildo berean sakonduz, Gobernu Taldeak EAE-ANVrekin zein jarrera izango duen galdetu dugu. Izan ere orain artekoa etsigarria izan baita: guri zinegotzi biak ostu, oposizioak "hobeto lan egin dezan" dirutza handiak gastatu arren (http://www.getxobizia.org/eu/berriak/PASTELAREN%20BANAKETA/PASTELAREN%20BANAKETA%20eus.pdf) gure lana guztiz eragotzi, e.a.
Azkenik, Anjel Figeroaren berri eman eta haren inguruan egindako gestioez ere galdetu dugu: ea Alkateak berririk ba ote duen eta ezer egin ote duen getxotar honen eskubideak bermatze aldera.

Bere erantzunetan, Alkateak muzin egin die gure galdera zuzenei. Ez du argitu zer jarrera hartuko duen EAE-ANVrekin (ohiko sasiargudioak errepikatzera mugatu da), eta ez du argitu Anjelen inguruan ezer egin duen edo egiteko asmorik ote duen (hemen ere ohiko leloen bidetik abiatu da).


 
manifestua hauteskunde emaitzak konpromisoak deialdiak posta-e
Helbideak: Torrene kalea z/g, Algorta   94.491.5816   Postakutxa: 125 Algorta - 185 Erromo