Konpromisoak:
 |
Gu geu gazteok Getxo irudi orbaingabearen herri pijoa da. Dena high quality eta rictus irribarretsua, baina bitartean hiri grisa da gure grafitti koloretsu eta biziak estali dituztelako, jubilatuen hiria da gazteok lo zakua jartzeko pare bat m2-ak ere ordaindu ezin ditugulako eta hiri hila da bizirik zeuden gaztetxeak birrindu dituztelako.
Ez daukagula zereginik esango digute gorbatadun gizon grisek eta ospa egiteko, kalitate kontrola ere ez dugula pasatzen. Baina ez dugu hain errez amore emango; hemen jaio izan bagara, hemen gurasoekin bizi izan bagara urteetan zehar, lagunak hemen baditugu, ez al dugu getxoztar izateko eta Getxon bizitzeko eskubiderik?
Eta ez al dugu `Gg´ Getxo gris honetan kolore eta bizitasun apur bat emateko, `ggg´ gu geu gazteok izateko eskubiderik?
Horregatik, hona hemen gure ezinbesteko gutxieneko baldintzak:
- ETXEBIZITZARAKO ESKUBIDEA. Gazteon behar eta aukeren araberako etxebizitza politika; etxebizitza sozialak eta alokairuzko etxe merkeak.
- OINARRIZKO ERRENTA 18 urtetik aurrera, bere buru bizitzea erabaki duten gazteentzat.
- Lanerako eta lan baldintza duinak izateko eskubidea. Lan merkatuan sartzeko erraztasunak. Formakuntza jarraia. ABLE izenekoak desegin daitezela!
- Lan baldintzen kontrol zorrotza gazteen esplotazioa ekiditeko, Eskubide Zibil eta Politikoen Herri Behatokiaren bitartez.
- Kultura eta sormena era librean garatzeko espazio fisikoak, GAZTETXEAK. Gazteoi zuzenduriko eskaintza kulturala handitu, partehartzea bultzatu. Sormenerako laguntzak, baliabideak, erraztasunak.
- Aisialdi herrikoia, osasuntsua, dohakoa eta euskalduna bultzatu, sustatu. Hortarako gune eta bitartekoak. Aisialdi kulturala.
- Ikasketetarako eta hauekin lotutako praktiketarako diru laguntza eta beka sistema hobetu.
- EUSKARAZ IKASTEKO eta Euskal Herriaren ikuspegitik berezko curriculuma landuz ikasteko eskubidea.
- Getxon egunerokotasunean EUSKARAZ BIZITZEKO eskubidea ahalbidetu, Getxo euskaldundu!
- Getxo bere osotasunean urbanizatua ez izatea, gure belaunaldiak eta hurrengo belaunaldiek ere naturguneak eta baserriguneak disfrutatzeko aukera izan dezaten. Oinezkoen bide gehiago, bidegorriak.
- GARRAIO PUBLIKO hobea, ibilbide gehiago egiteko aproposa eta dohainik.
- SEXU ASKATASUNA, sexu aukera askatasunaren alde eginez, harreman afektibo pertsonal eta kolektibo berriak eraikiz, diskriminazio oro eta jarrera sexistak baztertuz eta emakumeen aurkako erasoak ekiditeko neurriak ezarriz.
- OSASUNA eta horretarako dohako bitartekoak, bai sexu praktikei dagokienez, bai gorputzaren aje guzti guztiei dagokienez.
- DROGOMENPEKOTASUNIK GABEko udalerria nahi dugu. Horretarako mentalitate aldaketa orokorra ezinbestekoa delarik. Hipokresia baztertu eta debekatzearen politika aldatu egin behar da. Hezkuntza.
- Gazteon parte hartzea herri bizitzan zein erabakigune orotan, eskubide eta konpromezu bezala; gu ere getxoztarrak gara ta gure ideia, iritzi eta beharrak entzun eta errespeta daitezen.

|