Hauteskunde antidemokratikoak.
Hasteko nabarmendu nahi dugu berriz ere ospatu berri diren hauteskundeen izaera antidemokratikoa. Batasuna legez kanporatzearekin batera, hauteskundeetan parte hartzeko ate guztiak itxi nahi izan zaizkigu ezkerreko abertzaleoi, herriz herri sortu eta aurkeztutako kandidaturei ere parte hartzea debekatuz.
Estatuak ezkerreko abertzaleak mapa politikotik desagertarazi nahi izan ditu.
Horren ondorioz Getxo Bizia baldintza antidemokratikoak gainditzeko egunez eguneko lasterketan aritu behar izan da sortu zenetik, hauteskunde kanpaina osoan zehar eta hauteskunde egunean bertan ere bai, doako publizitate euskarririk gabe, komunikabideen boikot informatiboa pairatuz, etxez etxeko publizitatea eta bozka papeleten banaketa gure kabuz eta klandestinitate giroan eginez, kale banaketa eta agerraldi publikoak onartuko zitzaizkigun ala ez jakin gabe eta abar.
Hala ere parte hartzea eskubide ukaezina den neurrian, eskubidea gauzatzeko erronkari eutsi egin diogu eta herritarrek hautestontzietan adierazitakoa errespetatu egin behar dela ozen aldarrikatzen dugu. Ez dugu ez gehiago ez gutxiago eskatuko, zilegitasun demokratikoaren arabera dagokiguna baizik.
Hauteskundeen emaitzak.
Getxo Biziak begiraleak izan ditu mahai guztietan igande iluntzeko boto zenbaketa egin zen bitartean eta horregatik ahal izan ditugu Getxo Biziaren bozkak baliogabeengandik bereiztu.
Getxo Bizia hautagaitzak 2.756 bozka jaso ditu Getxon. Betse hautagaitza guztiek izan dituzten emaitzak ere kontutan hartuz eta D´Hont ordezkaritza banatzeko sistema aplikatuz, EAJ-EA koalizioak 11 ordezkari izango ditu hurrengo korporazioan, PP-k 9, PSOE-k 3, EB-k 1 eta Getxo Bizia-k beste 1. Aralar ordezkaritza lortzetik urrun geratzen da.
Emaitzen balorazioa.
Getxo Biziaren emaitzak behar bezala baloratzeko hiru faktore hartu behar dugu kontutan. - Lehenengoa eta inportanteena beste aukera guztiekiko desabantaila nabarmenean lehiatu behar izan dugula.
- Bigarrena Aralar lehiakide berria aurkeztu izana.
- Eta hirugarrena, gure iritziz Getxon alkatetza lehiarako polarizazioak ere ondorioak izan dituela gure aukerarengan.
Hiru faktore hauek kontutan hartuta oso positibotzat baloratzen ditugu izan ditugun emaitzak. Ordezkaritza lortu dugu eta baldintzarik zailenetan, ofizialki existitu gabe eta debekuari aurre eginez 2.756 pertsonak, botoemaleen %5,6-a gutxi gora behera, poterearen indarrez bazterrarazi nahi den papeleta eskuratu eta bozkatu izana lorpen garrantzitsua da.
Dagokigun ordezkaritza.
Ekainaren 14an korporazio berria osatuko da eta Getxo Biziaren zerrendaburua Udal Batzarra osatzeko bilkuran egongo da. Udal Batzarra demokratikoki osatu nahi bada, Getxo Biziak ordezkari bat izango du. Aukera demokratikoa ez bada gauzatzen, faxistek ezarritako dinamika antidemokratikoaren menpeko udal batzarra izango da.
Dei egiten diegu aukera politiko guztietako ordezkari guztiei, demokraziari bizkarra eman ez diezaioten eta onar dezaten Getxo Biziari dagokion ordezkaritza. Datozen egunetan zehar harremanetan jarriko gara Getxoko Ezker Batua, EAJ, EA eta Aralarrekin irizpide demokratikoak nagusitu daitezen.
Getxon, 2.003ko maiatzaren 30ean.
|